Bideodeiek sormena gutxitzen dute
Aurrez aurreko bilerekin alderatuta, bideodeietan sormenezko ideia gutxiago izaten dira. Zehazki, % 20 gutxiago. Pandemia dela eta, bideodeiak ugaritu egin dira lanean. Bada, Columbiako Unibertsitateko (AEB) ikertzaile batzuek bideodeiek sormenean duten eragina aztertu dute, eta emaitzak Nature aldizkarian argitaratu dituzte. Bi ikerketa lan egin zituzten: lehena, 600 lagunekin; eta bigarrena, enpresa jakin bateko bost herrialdetako ia 1.500 langile baliatuta. Langileak binaka bildu zituzten, batzuk aurrez aurre eta beste batzuk bideodeien bitartez. Halaxe egiaztatu zuten sormenezko ideiak gutxiago sortzen direla bideodeietan. Ikerketaren egileen ustez, pantaila izan daiteke arrazoia. Bideodeietan, komunikazioaren ardatza pantaila da, arreta osoa hara bideratzen da, eta aurrez aurre sor daitekeen harremana mugatuta geratzen da. Izan ere, gehiago begiratzen zaio parekoari inguruneari baino. Ondorioz, sormena murriztu egiten da. Dena dela, ideiak kritikoki aztertzeko ahalmenari ez omen dio eragiten, sormena eta analisia egiteko prozesuak ezberdinak direlako.