Hondamendi nuklearrik balego eta bizirik aterako bagina, zer jango genuke?
Zomorroak eta landareak. Halakoek osatuko dute hondamendi nuklear batetik onik irteten direnen menua. Balizko dieta osatzeko, munduak bizi dezakeen egoerarik txarrena hartu dute oinarri Penn State-ko Unibertsitateko (AEB) ikertzaile batzuek: AEBen eta Errusiaren artean gerra nuklearra hastea eta bi herrialdeek beren armategi atomiko guztia baliatzea. Halako egoerak hondamendia eragingo luke, jakina. Ikertzaileen ustez, munduko nekazaritza sistemak gutxienez 15 urtez geratuko lirateke suntsituta. Hotz, lehorte eta eguzkirik gabeko egoerara egokitutako laboreak erabili beharko lirateke, ikerketaren egileen ustez. 247 basa landare jangarrirekin zerrenda osatuta, horietatik 33 aukeratu dituzte, esaterako: konjac izeneko tuberkulua, manioka, ostra perretxikoak, safou izeneko fruta edota amarantoa. Zomorroren bat edo beste ere aipatu dute, palmondoko gurgurioaren larba, kasu. Osagai horiekin, euskal sukaldariak izango al lirateke pintxoak egiteko gai?