Araba Euskaraz, Olarizun, baina Argantzongo ikastolaren alde
Olarizuko zelaietan ospatuko da Araba Euskaraz, ekainaren 19an. Herrialdeko ikastola guztiak elkarrekin ari dira antolatzen, eta bildutako dirua Trebiñuko Argantzon ikastolarako izango da, 2023-2024 ikasturtean ireki nahi duten ikastola berria eraikitzeko. Araba Euskaraz aurreneko aldiz ospatu zenetik 41 urte beteko diren honetan, antolatzaileek gogoan izan dituzte Nestor Basterretxeak 1981ean sortutako logoa eta leloa. Orduan, Araba, zazpi talde, bat euskararen alde izenburuak Arabako zazpi kuadrillei egin zien erreferentzia. Aurtengoak, berriz, (Zortzigarren alaba) Arabako zortzi ikastolak eta zortzi kuadrillak (zazpi ofizialak gehi Trebiñu) hartu ditu kontuan. Irudiari dagokionez, Basterretxearen logoan agertzen zen haritz hostoa oinarri, hainbat zuhaitzen hostoak erabili dira oraingoan, "ikastolen aniztasuna eta lurraldearen, basoen eta naturaren aniztasuna islatzeko".