Eta orain, Ar Redadeg Bretainian
Egun gutxi barru jarriko da abian Korrikaren “ahizpetako” bat: Ar Redadeg maiatzaren 20tik 28ra egingo dute, Gwitreg (Vitré) eta Gwened (Vannes) artean. Bi urterik behin ospatu ohi da Bretainian, baina 2020ko edizioa bertan behera gelditu eta iaz egin zutenez, urtebete baino ez dute izan edizio hau prestatzeko. Ar Redadeg bretoieraren aldeko lasterketa da, 2008ko maiatzean sortua. Antolatzaileek "jai herrikoi eta konprometitu” gisa definitzen duten ekimenaren zortzigarren edizioak Bretainiako bost departamenduak zeharkatuko ditu, eta 300 udalerri baino gehiago, “gure hizkuntza bizi, sortzaile eta dinamikoaren transmisioa sinbolizatzeko” eta bretoieraren aldeko proiektuetarako dirua biltzeko. Korrikan bezala, parte hartzaileek eskuz esku elkarri emango dioten lekukoak isilpean gordetako testu bat eramango du, Ar Redadegen amaieran irakurtzeko.