Hogeita hamar bertsolarik abiatuko dute Arabako Bertsolari Txapelketa
Martxoko AIZU!n jakinarazi genizuen moduan, apirilaren 1etik ekainaren 11ra jokatuko da Arabako XV. Bertsolari Txapelketa, Amurrion hasi eta Gasteizen amaituta. Jakinak ziren kontu horiez gain, beste xehetasun batzuk eman ditu ezagutzera Arabako Bertsozale Elkarteak. Esaterako, finala Gasteizko Europa Biltzar Jauregian jokatuko dela, estreinakoz. Parte hartzaileak nor izango diren ere aditzera eman du; guztira, 30 bertsolari izango dira, inoiz baino gehiago. Dena den, 6k bakarrik lortuko dute finalerako txartela. Nork? Iñaki Viñasprek eutsiko al dio duela bi urte eskuratutako txapelari? Horiek guztiak txapelketako 11 saioetan argituko dira. Txapelketari buruzko informazioa bide askotatik eskuratu ahal izango da, besteak beste Arabako Bertsozale Elkartearen webgunetik (bertsozale.eus/araba) eta sare sozialetatik.