Amets Arzallus, Xilabako txapelaren jabe
Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsulari Xapelketaren finala irabazi zuen, iragan azaroaren 13an, Amets Arzallusek, laugarren aldiz irabazi ere. Miren Artetxerekin lehiatu behar izan zuen buruz burukoan, eta, azkenean, 37 puntuko aldea atera zion bigarrenari. Ondoren sailkatu ziren, hurrenez hurren, Odei Barroso, Maialen Arzallus, Patxi Iriart eta Maddi Ane Txoperena. Finala Donibane Lohizuneko Jai Alai pilotalekuan jokatu zen, 1.200 ikusleren aurrean, eta datorren urtean Euskal Herriko Txapelketa Nagusian parte hartuko duten Ipar Euskal Herriko bertsolariak nor izango diren ere erabaki zen: Miren Artetxe, Odei Barroso eta Maddalen Arzallus (Amets Arzallus eta Sustrai Colina lehendik zeuden sailkatuta). Bestalde, aldizkari hau inprimategian zenean jokatu zen Nafarroako finala ere, azaroaren 28an; honezkero, ezaguna da txapeldunaren izena, baina ezin orriotara ekarri. Bizkaiko Txapelketaren finala, berriz, hil honen 18an jokatuko da.