Omako basoaren erreplika egungoaren alboan egingo dute
Agustin Ibarrola artistak Omako basoan egindako margoek kokaleku berria izango dute. Izan ere, baso horren ondoan, Basobarri izeneko mendian, margo horien erreplikak egingo dituzte hamahiru hektareako lursail batean. Hortaz, Ibarrolak margoturiko baso ezaguna bisitatu nahi dutenek Kortezubiko paraje berera joan beharko dute. Bizkaiko Foru Aldundiak 2019an itxi zuen basoa, bertako pinuen egoera txarra bisitarientzat arriskutsua zela iritzita. Pinu asko hiltzen ari ziren, zaharrak zirelako edo xingola marroiaren gaitzak jota zeudelako. Baso berria margotzeko 27 proposamen aztertu ostean, Basobarrikoa lehenetsi dute. Izan ere, egungoaren alboan egoteaz gain, bertako pinuak egokiak dira Ibarrolaren margoak jasotzeko. Gainera, bisitariak hartzeko, orain arteko sarbide eta azpiegitura berak baliatu ahal izango dira. Kokaleku berria 2022ko udan zabalduko dute. Ordurako, margo multzo ezagunenak margotuta egongo dira. Den-denak, berriz, 2023ko udan izango dira ikusgai.