Masturbazioaren onurez ez ahazteko...
Endorfinak ugarituta, ongizate mentala areagotu, estresa gutxitu, nork bere burua hobeto ezagutu... Masturbazioaren onurak asko direla kontuan hartuta, haren aldeko kanpaina egin du Australiako Queensland Estatuko Gobernuak. Give yourself a hand (eman eskua zure buruari) leloa baliatu dute kanpainan, ingelesezko beste esamolde batetik eratorria: Give someone a hand (norbaiti lagundu). Gazteak dira kanpainaren jomuga nagusia. Izan ere, zenbait ikerketak erakutsi dutenez, gazteei kostatu egiten zaie oraindik ere masturbazioari buruz hitz egitea. Gainera, sexuaren gaineko informazio gehiena Internetetik eskuratzen dutenez, informazio okerrak jasotzeko aukera handia izaten dute. Hori ekidin nahi du kanpainak, eta, aldi berean, gurasoak eta gazteak masturbazioaz lotsarik gabe hitz egitera bultzatu. Era berean, masturbazioari buruzko mezu positiboak zabaldu nahi dituzte, ohiko sekretismoa eta aurreiritziak baztertzeko. Harrera ona izan du kanpainak. Hemen halakorik egingo balitz, berdin gertatuko litzateke?