Kukulaisi Euskaltzaleen Topagunea martxan da
Euskarazko aisialdia indartzeko asmoz, Kukulaisi Euskaltzaleen Topagunea federazioa sortu da. Izan ere, hezkuntza formalaren funtsezko papera ahaztu gabe, aisialdia adin guztietako pertsonen sozializazioan ezinbesteko elementua da, eta ekarpen handia egiten du hizkuntzaren normalizazioan. Guztira, 14 euskara elkarte batu dira gaur egun dauden egitasmoak egituratu eta garatzeko: Usurbilgo Noaua!, Getxoko Bizarra Lepoan, Hernaniko Dobera, Euskarabentura ekimena, Gasteizko Geu, Ordiziako Hitzaro, Bergarako Jardun, Atarrabiako Karrikaluze, Lasarte-Oriako Ttakun, Arrasateko Txatxilipurdi, Deustuko Berbaizu, Durangoko Berbaro, Elgoibarko Izarra eta Soraluzeko Pil Pilean. Horiez gain, Euskaltzaleen Topaguneak eta Kultur Kabia aisialdiko zerbitzu enpresak ere parte hartu dute federazioaren eraketan. Kukulaisik azpimarratu duenez, federazioa zabalik dago euskarazko aisialdia garatzen duten Euskal Herri osoko elkarte eta eragileentzat.