Iparraldea eta Hegoaldea, batuta eta elkar ezagutzen
Ipar eta Hego Euskal Herria bata bestetik gertuago paratuko dituzte martxoan egingo diren bi ekimen ezagunek, elkar gehiago ezagutzeko bideetan aurrera eginda. Batetik, EKE Euskal Kultur Erakundeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako 23. Iparraldea Bertan zikloa egingo da. Otsailaren 28an, eta martxoaren 6an, 13an eta 20an, liburu aurkezpen bat eta hiru kontzertu eskainiko dituzte Donostian, Koldo Mitxelena Kulturunearen Santa Teresa komentuko Ekitaldi Aretoan. Bestetik, martxoaren 4tik 10era, Iparra-Hegoa elkarteak antolatuta, 27. Iparra-Hegoa Kultur Astea egingo dute Seguran. Astebetez, mota orotako ekitaldiak izango dira: hitzaldiak, Iparraldeko ikastoletako ikasleen bisitak, tailerrak, bazkariak, kontzertuak, mendi ibilaldia... Gainera, aurretik, kultur astetik kanpo, beste zenbait ekitaldi ere antolatuko dituzte. Ekimen bateko zein besteko egitarau zehatzak ikusteko, jo EKEren webgunera: www.eke.eus.