Emakume erreferenteak gogoan
Gipuzkoako emakume erreferenteei buruzko erakusketa paratu dute Donostiako Aiete Kultur Etxean, emakume horiek oroitzeko eta omentzeko helburuz. Izan ere, askok ez dute inolako errekonozimendurik jaso gizartearen aldetik. Cira Cresporen testuekin eta Elena Ciordiaren irudiekin osatutako liburua du oinarri erakusketak: Beta argitaletxearen Euskal Herriko 40 emakume. Egon ginen, izan ginen, irakurketa errazekoa. Idazketa, pintura, pedagogia, kirola, kazetaritza, sukaldaritza, bertsolaritza... arlo askotako emakumeen ilustrazioak biltzen ditu erakusketak. Irudi batzuk lanbideekin lotuta daude, hala nola erraketistenak edo saregileenak. Beste batzuk, berriz, izen propioak dira: Bizenta Mogel euskarazko idazlea, Elbira Zipitria irakasle eta ikastolen sustatzailea, Lourdes Iriondo musikaria eta Menchu Gal margolaria, besteak beste. Erakusketa otsailean zabaldu zuten, eta apirilaren 7ra arte egongo da ikusgai.