2023a, inoiz neurtutako urterik beroena
Industriaurreko datuekin alderatuta, iaz 1,48 gradu beroagoa izan zen Lurreko tenperatura, batez beste. Hau da, inoiz neurtu den urterik beroena izan zen. 2023an, urte osoan gainditu ziren ordura arteko markak. Esaterako, industriaurreko erreferentziekin konparatuta, urteko egun guztiak izan ziren gradu bat beroagoak. Europar Batasunak klima aldaketa aztertzeko sorturiko Copernicus zerbitzuak jaso ditu datuok, Lurreko klimari buruz urtero egiten duen txostenean. Tenperaturen igoera azaltzeko, berotegi-efektuko gasen pilaketa aipatu du Copernicusek. Izan ere, inoizko kontzentrazio handiena neurtu dute atmosferan. Horrez gain, El Niño fenomenoak zerikusia izan du. Copernicusen arduradunek nabarmendu dutenez, ekonomia ahalik eta azkarren deskarbonizatu behar da, klima larrialdiari aurre egiteko. 1,5 graduren langa ez da nolanahikoa. Zientzialarien esanetan, klima aldaketaren kalteak ugaritu eta azkartu egiten dira hortik gorako tenperaturekin.