Euskarazko plazen sarea, urte osoan hedatua
Urte osoko egitaraua aurkeztu du Doinuelek, euskara hutsezko kultur azokak biltzen dituen sareak. Iaz sortu zen eta, guztira, zortzi liburu eta disko azoka batzen ditu. Den-denak euskara hutsezkoak, esan bezala. Urtarrilean hasi zen Doinueleren urteko ibilia, Baztanen, nobela beltzari eskainitako (H)ilbeltzarekin. Hurrengo ekitaldia apirilaren 12tik 14ra izango da, Azkoitian: Geure Gelatik, emakumeek idatzitako liburuen azoka. Maiatzaren 24tik 26ra, Zarautzen izanen da hitzordua, Literaturia literatur azokan. Handik egun gutxira, ekainaren 1ean, Ziburuko liburu eta disko azoka egingo dute. Uda ostean, urriaren 5ean, Hernaniko liburu eta disko azoka iritsiko da. Hil beraren 11n eta 12an, haur eta gazte literatura izango da protagonista Sarako Ikusi Mikusi azokan. Hila amaitu gabe, 30ean, Galdakaok Sormene literatur azoka hartuko du. Amaitzeko, abenduaren 13tik 15era, Lazkaoko liburu eta disko azoka izango da urteko azken plaza.