Etxeko animaliak, bakarrik bizi direnen narriadura kognitiboaren galga
Maskota bat edukitzea mesedegarria izan daiteke bakarrik bizi diren adinekoen buru osasunerako. Izan ere, haien narriadura kognitiboa geldiaraz dezakete. Hala ondorioztatu du ikerketa batek, zortzi urtez jarraian Erresuma Batuko ia 8.000 lagunen datuak aztertu ostean. Gehienak, adinekoak, 2010ean 66 urte baitzituzten batez beste. Bakarrik edo jendearekin bizi ote ziren, etxeko animaliarik ba ote zuten... halako galderak egin zizkieten. Era berean, osasun eta buru osasun azterketak egin zizkieten bi urterik behin, besteak beste hitz jario eta memoria probak. Emaitzen arabera, bakarrik bizi zirenei jendearekin bizi zirenei baina azkarrago egin zien okerrera bai memoriak bai hitz jarioak. Maskotaren bat zutenek, ordea, bakarrik bizi ez zirenek bezala eutsi zieten gaitasun horiei. Etxeko animaliek adinekoen buru osasunean onurak eragiten dituztela lehendik ere iradoki izan dute beste zenbait ikerketak. Haatik, honako honek hainbat urtez aztertu du gainbehera kognitiboa, eta jende kopuru handiari erreparatuta. Hori bai, ikerketak ez du kausa-ondorio loturarik frogatu.