Nafarroa Oinez, urriaren 8an Etxarri Aranatzen
Andra Mari ikastolak antolatuta, Etxarri Aranatzen egingo da aurten Nafarroa Oinez, Nafarroako ikastolen aldeko jaia. Andra Marik antolatzen duen laugarren aldia izango da. Hotsein izango du leloa aurtengo jaiak, eta bozgorailu bat, logoa. Hotsein hitzak bi esanahi ditu Sakana eskualdeko hizkeran: zarata egin eta deitu edo aldarrikatu. Leloarekin, bi esanahiak baliatuko dituzte. Batetik, euskara, euskal kultura eta aniztasuna aldarrikatuko dute ozen. Bestetik, arnasguneetako ikastolen indarra eta beharra aldarrikatzeko deia egingo dute. Sakanan ere euskara ahultzen ari dela aintzat hartuta, bozgorailua akuilu izango da euskararen aldeko lanean. Urte osoan, hainbat jarduera antolatu ditu Nafarroa Oinezek, baina hitzordu nagusia urriaren 8an izango du, egun osoko jaian. Bildutako dirua Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eraikina hobetzeko baliatuko dute. Andra Mari ikastola 1969an sortu zuten, eta, egoitza nagusia Etxarri Aranatzen badu ere, eskualdeko 14 herritako ikasleak batzen ditu.