Kontseiluak manifestazioa deitu du azaroaren 4rako
Arg.: Euskalgintzaren Kontseilua
Euskalgintzaren Kontseiluak maiatzean egin zien manifestaziorako deia euskararen eta herritar guztien hizkuntza eskubideen alde dauden eragile eta norbanakoei, EAEko Auzitegi Nagusiaren atarian Maiatzaren 10eko adierazpena irakurriz. Agerraldi hartan, Kontseiluak kezka bizia agertu zuen auzitegietatik heltzen ari ziren epaiengatik, guztiak ere euskara biziberritzeko neurrien aurkakoak. Horiek gutxi ez, eta uztailean Espainiako Konstituzio Auzitegiak Udal Legearen aurka ebatzitakoa iritsi zen, udalei euskara hutsean aritzeko aukera ukatzen diena. Horren aurrean, euskalgintzako eragileek bat egin zuten alkate eta udal ordezkariekin: “Epai hau oldarraldi judizial zabalagoaren parte da, eta hizkuntza gutxituak jomugan dituen olatu erreakzionarioan kokatzen da. Ondorioz, azaroaren 4rako deialdia are eta irmoago egin nahi dugu: oldarraldiaren aurka, baina, batez ere, euskararen normalizazioaren eta biziberritzearen alde”. Azken batean, kohesio sozialaren eta bizikidetzaren alde.