Beroarekin, hozka gehiago
Bero dagoen egunetan edota eguratsa bereziki kutsatuta dagoenetan, txakurrak erasokorragoak bihurtzen dira. Gainera, kosk gehiago egiten dute. Bostoneko Spaulding Rehabilitation Hospital-eko (AEB) Class Linnman ikertzaileak gidatutako taldeak ondorioztatu du hori. Horretarako, txakurren hozkaden datuak aztertu zituzten AEBetako zortzi hiritan. Zehazki, 2009. eta 2018. urteen arteko datuak. Azterketaren arabera, izpi ultramoreen indizea altuena zen egunetan % 11 ugaritu ziren ausikiak, egun beroenetan % 4, eta ozono maila handia zen egunetan % 3. Egun euritsuenetan, aldiz, % 1 murrizten omen dira koskadak. Scientific Reports aldizkarian kaleratu dute azterketa, baina ikertzaileek nabarmendu dute hutsuneak dituela, beste faktore asko aztertu gabe utzi dituztelako. Adibidez, txakurren arraza, biktimaren eta txakurraren arteko lotura eta abar.