Gure Artea 2023 sariek badituzte jabeak
Susana Talayerok, Nadia Barkatek eta Anti liburu dendako Javier Nevadok jasoko dituzte aurtengo Gure Artea sariak: ibilbide artistikoarena, sorkuntza lanarena, eta arte plastikoaren eta ikusizko arteen arloan egindako lanarena, hurrenez hurren. Epaimahaiaren esanetan, Talayeroren 30 urtetik gorako ibilbidea “dedikazioaren eta iraunkortasunaren sinonimoa da, ikerketa plastikoko lana, egunerokoa estudioan egitearen inguruan antolatua”. Nadia Barkate, berriz, “azken urteetako euskal eszenan oso belaunaldi aktibo bateko artista azpimarragarria” dela azaldu du epaimahaiak. Azkenik, Bilboko San Frantzisko auzoan ateak duela 20 urte ireki zituen Anti liburu dendari buruz, “letren, pentsamenduaren, eta arte plastikoaren eta ikusizko artearen arteko topaleku funtsezkoa” bihurtu dela uste du epaimahaiak. Eusko Jaurlaritzak emandako sariak udazkenean banatuko dituzte Donostiako San Telmo Museoan.