Durangoko Plateruena urtea amaitu aurretik zabaldu nahi dute
2020tik itxita egon ostean, aurki zabalduko dute Plateruena: ahal dela, urtea amaitu baino lehen; bestela, 2023. urtearen hasieran. Hala jaso du Anboto hedabideak, Durangoko Udalak emandako informazioa oinarri. Itxi zutenetik, Plateruenaren etorkizuna aztertzeko bi prozesu egin dira. Bata Udalak egin zuen; bestea, herritar talde batek. Udalak, halaber, egitasmoari buruzko txosten tekniko-juridikoa egin du. Bertan, Plateruena kudeatzeko hiru eredu aurreikusi zituen, eta Udalak publiko-komunitarioaren alde egin du, lehendik egindako prozesuetan jasotakoarekin bat eginda. Horrenbestez, Udalak baliabideak jarriko ditu, eta Durangoko elkarte eta eragileek sortutako kultur mahai bat izango da egitasmoaren motorra. Nolanahi ere, abenduko zenbait egunetan zabalik egongo da. Izan ere, 57. Durangoko Azokan Ahotsenea gunea hartuko du.