Animalia ornodunak, gero eta gutxiago
1970. urtetik 2018. urtera, animalia ornodunen populazioa ia % 70 gutxitu da munduan. Zehazki, % 69 , WWF Naturarako Mundu Funtsak Londresko Zoologia Elkartearekin batera egindako Living Planet Report (Lur Planeta Bizia) txostenean jaso dutenez. Bi urtean behin egiten dute txostena, Lurraren osasuna aztertzeko. Guztira, 5.230 espezie eta 32.000 populazio aztertu dituzte. Gainbehera handi horretan, ornodunen murrizketarik handiena Latinoamerikan gertatu da: % 94; Afrikan, % 66 gutxiagotu da; Asian eta Pazifikoan, % 55; Ipar Amerikan, % 20; eta Europan eta Asiako Erdialdean, % 18. Arrazoiak, hainbat: habitaten suntsitzea, espezie inbaditzaileen hedatzea, klima aldaketa, kutsadura... Horrenbestez, txostenaren egileek “anbizio handiko” ituna eskatu diete abenduan Kanadan COP15 biodibertsitatearen goi bileran bilduko diren munduko agintariei.