Hitzez ekiteko garaia
Horixe da Euskaraldia, hau da, euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa egiteko sasoia. Zertarako aldatu ohiturak? Bada, euskarak gizartean gero eta leku zabalagoa izan dezan, noski. Hirugarren edizio hau azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean hedatuko da gizarteko gune guztietara, Euskal Herriko barrualde eta kanpoalde guztiak ahobizi eta belarriprest gogotsuz betez. Hala, Euskaraldian rol batean zein bestean parte hartu nahi duen orok eman dezake izena www.euskaraldia.eus atarian, ariketa hasi arte egongo baita zabalik horretarako aukera. Dena dago prest ekimenari ilusioz, arduraz, gogoz eta emozioz ekiteko, gure ahoak eta belarriak baino ez dira falta. Azken batean, esku artean duzun aldizkari honetan bertan Maddalen Arzallusek egoki asko dioen moduan, gure euskara maila edozein dela ere, “denok daukagu zertan hobetu”, eta denok aurki ditzakegu segur aski euskara gehiago erabiltzeko moduko eremuak. Hasi zeureak bilatzen, Euskaraldia hemen da eta! Prest?