Hasi da txotx denboraldia
Urtarriletik, martxan da txotx denboraldia sagardotegietan. Oraingoz, eta denboraldia hasi zenean indarrean ziren neurriek bere horretan jarraitzen badute, kupeletik zuzenean edaterik ez dute izango sagardotegietara joaten direnek. Horren ordez, kupeletik botiletan edota kristalezko ontzietan ekarritakoa edan beharko dute, mahaian bertan. Hori bai, sagardorik ez da faltako. Sagardoaren Lurraldeak urtarrilaren 12an eman zion hasiera, Astigarragako Gurutzeta sagardotegian, txotx sasoiari, Amak taldearekin. Ekitaldian azaldu zutenez, 2021eko uztarekin 9,5 milioi litro inguru ekoitzi dira Euskal Herrian. Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren inoizko uztarik handiena izan da: 5 milioi kilo sagar. Uzta horretatik, 3,5 milioi Euskal Sagardo egin dira. Sagardogileek azaldu dutenez, aurtengo sagardoak aurreko urteetakoak baino alkohol gutxiago izango du. Dastatu egin beharko! Horretarako dagoeneko prest dira Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko sagardotegiak.