'Mundu berri bat guztiontzat' kaleratu du Bizipoza elkarteak
Bizipoza elkartean, hainbat eskubide bete gabe eta behar bereziak dituzten haur eta familiek osatutako elkarteak biltzen dira. Helburua da zailtasunak dituzten familia horiei laguntza afektiboa eta materiala eskaintzea, boluntario sare baten bidez. Poza partekatuz, euskaraz eta sorkuntzatik aritzen da, eta horrela sortu da Mundu berri bat guztiontzat proiektua ere. Lanak Bizipoza elkartean dauden 36 elkarteetako 12ren errealitatea islatzen du, 11 kanturen eta 11 bideoklipen bitartez. CDa eta DVDaz gain, karpetan badago liburuxka bat ere, abestien hitzekin, ilustrazioekin, ipuintxoekin eta sortzaileen eta elkarteetako kideen argazkiekin. Xabier Zabalak konposatu ditu abestiak, hainbat idazlek eta bertsolarik idatzi dituzte berbak, eta beste horrenbeste euskal abeslarik eta musika taldek kantatu dituzte. Ilustrazioak Eñaut Aiartzaguenak egin ditu; eta argazkiak, Ibai Arrieta del Picok. Lana Elkar dendetan eta www.bizipoza.eus eta www.elkar.eus atarietan eros daiteke.