Autobus geltokiko erlojua memoria gune izendatzeko eskatu du udalbatzak
1936an, frankisten errepresioari iskin egiteko balio izan zien Iruñeko autobus geltoki zaharreko ordulariak Enrique Cayuela eta Ramon Diaz-Delgado errepublikanoei. Izan ere, hiru hilabetez erlojuaren barnean egon ziren ezkutaturik, harik eta ihes egin zuten arte. Erlojua Memoria Guneen Sarean barneratzeko eskatu dio Iruñeko Udalak Memoriaren Nafarroako Institutuari. Era berean, errepresioa zela eta ihes egin zutenen omenezko plaka jartzeko ere eskatu du. EH Bildu, Geroa Bai eta PSN alderdien botoei esker onartu da eskaera; Navarra Suma abstenitu egin zen. Memoria Guneen Sareak (www.espaciosdememoria.com/eu/) 1936ko gerran eta diktadurak iraun bitartean frankistek eragindako indarkeriarekin zerikusia duten lekuak jasotzen ditu. Enrique Cayuelak ihes egitea lortu bazuen ere, faxistek haren bi anaia (tartean, Natalio Cayuela, Osasunako presidente izandakoa) fusilatu zituzten. Hain zuzen ere, Natalioren historia jasotzen du iaz argitaratutako Y el tiempo se detuvo. Natalio Cayuela: Osasuna y Justicia (Txalaparta) saiakera koralak.