Presoei euskara irakasteko baldintza duinak eskatu ditu irakasle talde batek
Presoen Euskara Irakasle Taldea izenekoak euskara eskolak ematen ditu espetxeetan, borondatez, 2017tik. Orain, Eusko Jaurlaritzak espetxeen eskuduntza eskuratu duela eta, hainbat eskaera egin ditu. Hala, kartzelan dauden preso guztiei euskara ikasteko eskubidea bermatzeko eskatu diete euskal erakundeei, eta presoen euskara ikasketak ofizialak izatea. Era berean, presoei eskolak baldintza egokietan eman ahal izatea bermatuta izan nahi dute. Izan ere, egun oztopo handiak dituztela salatu du irakasle taldeak, eta horiek desagerrarazteko eskatu die erakundeei. Era berean, euskara ikasteak presoengan duen onura nabarmendu dute, “presoak gizartean sustraitzea eta beren harreman sareak berregitea” ahalbidetzen duelako, besteak beste. 2017an, taldea sortu zenean, 9 presorekin hasi ziren; egun, beste 33rekin ari dira.