Iragan berri den Durangoko Azokan, AIZU!, 40 urte euskara ikasleak hezten eta euskarazko irakurleak hazten mahai ingurua egin zen. Parte hartu zuten euskara ikasleak, irakasleak eta kazetariak argi utzi zuten AIZU!k hainbat gauzatarako balio duela. M. Egimendi.

EUSKARA IKASTEKO

Irarozki irakasleak adierazi zuenez, AIZU! edozein mailatako ikasleek erabil dezakete, “hainbat motatako lanketak egin daitezkeelako; baina euskara ikasleek ez ezik, beste edozeinek ere irakur dezakeenez, argitalpenak edozein euskaldunentzat balio du”. Rufz ikaslearen ustez, “konfiantza hartzeko” balio du, “testu zailagoekin hasiz gero, desanimatu egiten zarelako. Eta mintzamena lantzeko ere bai, berri laburrak kontatuz elkarri”. Bestalde, Hermosilla kazetariak ezinbestekotzat jo zuen, ikasleentzat propio prestatutako materialez gain, AIZU! bezalako material “naturalak” egotea euskararen ikas prozesuan, “euskaldundu nahi dugun gizartea nolabait islatzen dutenak: benetako jendeari egiten zaizkio elkarrizketak eta benetako gaiak lantzen dira erreportajeetan”.

 EUSKAL KULTURA EZAGUTARAZTEKO

Rufzen iritziz, AEKren aldizkariak euskal kultur sortzaileak ezagutzeko ere balio du: “Elkarrizketak nahiko erraz irakurtzen dira, eta horrek irakurtzen jarraitu eta pertsona horiek zer egiten duten jakiteko gogoa pizten du, batez ere hurbilekoak direnean”. “Oso garrantzitsua” irizten dio horri Hermosillak, “erreferentziak etengabe aldatzen direlako orain. Ez dakit nik gazte askok Mikel Laboa nor zen jakingo ote duten...”. Irarozkiren esanetan, berriz, “euskaltegietan euskal kulturaren sustapenean ere jarduten dugu, eta AIZU! arnasgune txiki bat da euskal kulturarako. Aldizkariak euskal kulturako erreferenteak modu atseginean eskolaratzeko aitzakia ematen digu”.

ZUBI LANA EGITEKO

Anaitasuna aldizkariak iragarkia jarri zuen, 1982an, AIZU!n: “AIZU! erraz irakurtzen baduzu, zergatik ez zara Anaitasunarekin ausartzen?”. Hermosillaren ustez, AIZU!k sekulako potentziala du, AEK-ko ikasle guztiengana heltzen delako: “Ehuneko txiki bat beste euskal hedabide batzuk irakurtzen hastea pauso ikaragarria izango litzateke”. Rufzek, baietz: “AIZU!rekin ohitura pixka bat hartuta, gero jauzi hori egitera ausartzen zara”. Irarozkik gaineratu zuen euskaltegiek ere egiten dutela zubi lan hori: “Euskalduntzeak euskal komunikabideen kontsumoan duen eragina izugarria da, euskaltegietatik irteten diren milaka ikaslek euskal komunitatea handitzen dutelako”.

SORTZAILEAK ERE, BERTAN

Ekitaldia bukatuta, AIZU! sortu zuen taldeko Iber Otsoa eta Amaia Montorio bildu ziren argazkira, baina haize eta euri erauntsia izan zen protagonista (horregatik da hain eskasa erretratua, barkatuko diguzue). Ikusleen artean eserita entzun zituzten eurek abiatutako argitalpenari buruzkoak eta, amaieran, honela hitz egin zuen Otsoak: “40. urtemuga ospatu ahal izateak sekulako poztasuna ematen digu, guretzat oparia da”. Eta hau erantsi zuen Montoriok: “Geu hasi ginen, baina begira nola dagoen orain. Oso osasuntsu ikusten dugu”.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.