Zeelanda Berrian egun adin txikikoak direnek ezin izango dute tabakorik erosi helduaroan
Tabakoaren kontrako lege gogorra onartzekotan da Zeelanda Berriko Gobernua. 2022ko abenduan jarri nahi du indarrean, horrela urtetik urtera tabakoa erosteko gutxieneko adina handitzeko. Egun, 18 urtetik gorakoek eros dezakete; beraz, egun adingabekoak direnek ezin izango dute sekula tabakorik erosi Zeelanda Berrian. Alegia, Osasun ministrorde Ayesha Verrall-ek azaldu duen moduan, “legea indarrean jarritakoan, orain 14 urte dituztenek inoiz ezin izango dute tabakoa modu legalean erosi”. Bestelako neurriak ere ezarriko ditu legeak, hala nola, zigarreten nikotina kopurua txikitzea edota tabakoa saltzen duten lekuak gutxitzea. Legearen bitartez, tabakoaren kontsumoa murriztu nahi dute. Izan ere, Zeelanda Berriko heriotzen % 15ek tabakoa dute jatorrian. Gainera, maorien artean, herrialdeko jatorrizko biztanleen artean, hain zuzen, handiagoa da tabako kontsumoa europar jatorriko biztanleen artean baino: % 28koa lehenengoena eta % 20koa bigarrenena.