Nolakoa ote besarkada perfektua?
Zientziaren arabera besarkada perfektua nolakoa den zehazten saiatu da Londreseko Unibertsitateko (Erresuma Batua) ikertzaile talde bat. Horretarako, bi esperimentu egin dituzte. Lehena, 45 unibertsitate ikaslerekin, laborategi batean: begiak estaliak zituztela, sei aldiz besarkatu zituen ikertzaile batek. Bigarrenean, 100 ikasle pareri elkar besarkatzeko eskatu zieten, unibertsitateko campusean. Bi besarkada mota aztertu zituzten: gurutzatua (elkar besarkatzen duten bi lagunen besoak gurutzatuta) eta lepo-gerri besarkada (baten besoak lepoaren inguruan eta bestearenak gerriaren inguruan). Besarkaden iraupena ere neurtu zuten. Laborategian, 5 eta 10 segundo arteko besarkadak jo zituzten atseginentzat, laburragoekin alderatuta. Campusean, besarkada gurutzatua izan zen gustukoena, batez ere gizonezkoen artean. Ikasle gehienek azaldu zutenez, lepo-gerri besarkada intimoagoa iruditu zitzaien. Nolanahi ere, ikertzaileek onartu dute ikerketa hankamotz samarra dela, faktore ugari ez dutelako kontuan hartu: elkar besarkatzen ari zirenen arteko harreman mota, altuera...