Tamesis ibaian marrazoak topatu dituzte
Iragan hurbileko kutsadura gutxituta, Londres zeharkatzen duen Tamesis ibaia biziberritzen ari da. Hala, espezie ugari ari dira itzultzen 1957. urtean “biologikoki hila” izendatu zuten ibai ezagunera. Zoological Society of London (ZSL) ongintzako elkarteak egindako azterketaren arabera, ibaian 115 arrain eta bestelako animalia espezie bizi dira gaur egun: itsas zaldiak, fokak... Halere, beste hiru espeziek eragin dute harridurarik handiena. Izan ere, hiru marrazo espezie topatu dituzte Tamesiseko uretan: gelba (Galeorhinus galeus), toil pikarta (Mustelus asterias) eta mielga pikarta (Squalus acanthias). Hirurak galtzeko arrisku bizian dira. XX. mendearen erdialdetik aurrera, Tamesiseko kutsadura murrizteko neurriak hartu zituzten, eta egungo aniztasuna horren emaitza dela diote ZSLkoek. Dena dela, berreskuratutako ekosistemak bestelako arriskuak dituela ohartarazi du erakundeak: klima aldaketaren ondoriozko itsas mailaren igoera eta uraren tenperaturaren igoera, besteak beste.