Euskara logikoa da, eta dotorea...
...izan daiteke. Dena dela, euskaralogikoada ekimeneko poltsa eta kamisetak ikusita, dotorea izan badela esan beharko! Webgunea (www.euskaralogikoada.eus) estreinatu berri duen ekimenaren helburua, nolanahi ere, estetika hutsetik harago doa: arropa eta oihaletan euskarari leku egitea dute xede, euskaratik eta euskaraz, eta euskal erreferentziak baliatuta. Hala, kamisetak eta poltsak dituzte salgai. Ekimenaren leloa dago oinarrian: Euskara logikoa da. Zehatzago esanda, leloaz gain, Donostiako Irrintzi AEK euskaltegia, Helena Nuñez Aguado ikaslea eta Xabier Etxaniz Rojo irakaslea daude oinarrian. Irakasleak esaldia askotan errepikatzen zuela eta, ikasleak leloarekin kamiseta bat egin, eta irakasleari oparitu zion. Hari gustatu, gainerako ikaskideek marka erregistratzeko behin eta berriz iradoki... eta horrela abiatu zen ekimena. Nuñezek eta Etxaniz Rojok sortu dute, eta, oraingoz, kamisetak eta poltsak saltzen dituzte lelo horrekin. Halere, aurrerantzean, gehiago etorriko dira, betiere euskaraz sortuak, arropek eta oihalek euskaraz egin dezaten.