Iruñea, Rubiken Kuboaren zaleen hiriburu
Uztailean, nazioarteko hitzordu garrantzitsua izango da Iruñean. Garrantzitsu bezain koloretsua, protagonista nagusia aintzat hartuz gero: Rubiken Kuboa. Izan ere, uztailaren 25etik 28ra, Rubik’s WCA European Championship jokatuko da Nafarroa Arenan. Hau da, Rubik Kuboaren Europako Txapelketa. Rubik Kuboaren Munduko Elkarteak (WCA, World Cube Association) bi urtean behin antolatzen du, eta ibiltaria da. Datuen arabera, Europan orain arte jokatuko den mota honetako txapelketarik handiena izango da: 57 herrialdetako 1.000 partaide lehiatuko dira txapelketako 17 modalitate ofizialetakoren batean. Lehiakideen zerrenda berehala bete zen, izena emateko epea zabaldu eta ordu eta erdira. Parte hartzaileen artean, nazioarteko izarrak izango dira, hala nola Max Park estatubatuarra, Twan Dullemond herbeheretarra, Juliette Sébastien frantziarra... Hori bai, podiumera europarrak bakarrik igoko dira. Ikusle joan nahi duenak ere dagoeneko eros ditzake sarrerak. 3.200 lagunentzat izango da lekua, beraz, azkar ibili!