Bizkaiko Golkoko antxoaren tamaina txikiagotu egin da azken 30 urteetan
Duela 30 urtekoekin alderatuta, egungo antxoak txikiagoak dira, eta forma lirainagoa dute. AZTI zentro teknologikoak Bizkaiko Golkoko antxoaren tamainaren bilakaera aztertu du, 1990. eta 2021. urteen artean jasotako datuak erabilita. Global Change Biology aldizkarian argitaratutako azterketaren arabera, Europako antxoaren ale helduen tamaina eta pisua murriztu egin dira azken hamarkadetan. Ikertzaileen ustez, hainbat faktoreren elkarreraginak sortu du hori, ozeanoen berotzeak eta antxoa kopuruaren ugaritzeak, esaterako. Arrantza presioak eragin adierazgarria izatea, aldiz, baztertu egin dute. Azterketaren egileek ikusi dutenez, antxoa ugariagoa den neurrian, aleak txikiagoak dira. Haatik, “erlazio hori ez da hain argia etapa aurreratuagoetan, non tenperatura izan baita tamaina txikiagotzeko arrazoi nagusia” azaldu du Guillem Chustek, azterlanaren egileetako batek.