Euskal Mendizaletasunaren Museoak Tolosan izango du aterpe
Euskal Mendizaletasunaren Museoak topatu du behin betiko egoitza: Tolosako Arkaute txaleta izango da euskal mendizaletasunaren ondarearen aterpea. EMMOA Euskal Mendizaletasunaren Museoa Fundazioak eta Euskadiko eta Nafarroako Mendi Federazioek denbora zeramaten museoa jartzeko leku bila. Tolosan interesa agertu, eta hango Udalak begi onez ikusi zuen asmoa. Hala etorri da Arkaute txaleta erabiltzeko hitzarmena. Larramendi auzoan dago, eta Tolosako Udala da jabea. Udalak eraikina eraberritu, eta EMMOA arduratuko da museoa kudeatzeaz. Azken urteotan, material ugari jaso du EMMOAk, eta horixe jarriko du ikusgai: hirurehun objektu baino gehiago, bost mila liburu eta beste horrenbeste argazki, hemeroteka, grabazioak, mapak... 2024an zabaldu nahi dute museoa. Ez da edonolako data: urte horretan beteko dira 100 urte Elgetan Euskal Herriko Alpinismo Federazioa sortu zutela.