Su eta Gar laster unibertso zabalean?
Euskal Herriko Unibertsitateko Planeta Zientzietako taldeak Gliese 486 izarrari Gar izena jartzea proposatu du, eta haren inguruan dabilen Gliese 486 b planetari, berriz, Su. Proposamena joan den hilean aurkeztu zuen Nazioarteko Astronomia Batasunak (IAU) antolatzen duen Name ExoWorlds lehiaketan. Izan ere, IAUk erabakitzen du Eguzki sistematik kanpo aurkitzen diren planetei zer izen jarri, horretarako lehiaketa antolatuta. Eta NBEren Batzar Nagusiak 2022-2032 aldia Hizkuntza Indigenen Hamarkada izendatu zuenez, mintzaira horietako izenak hobetsiko dituzte. Exoplaneta hau, duela urtebete pasa aurkitu zutena, Lurretik 26 argi urtera dago, eta hirukoiztu egiten du Lurraren masa. Antz handia du gure Lurrarekin (atmosfera ere badauka), baina oso-oso beroa denez, bizitza ezinezkoa da bertan. Martxorako ezagutuko dira izen irabazleak.