Azpeitian izango da Bertso Eguna
2023ko Bertso Eguna urtarrilaren 28an egingo da, Azpeitian, eta egun osoko egitaraua izango du. Hartara, pandemia aurretik izan ohi zuen moldera bueltatuko da, 2021ean eta 2022an COVIDaren eraginagatik data eta egiteko modua bestelakoak izan ondoren. Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, 11:30ean hasiko da Bertso Eguna, kalez kaleko poteoa eta libreko bertso saio irekia eginez. Ondoren, 14:30ean, bertso bazkariak egingo dira Azpeitiko zenbait elkartetan. Bakoitzean, gainera, mota ezberdineko saioa eskainiko dute: libreko saioak, bertso saio musikatuak... Arratsaldean, beste poteo bat izango da, eta 21:00etan, berriz, afaria Elikagunean. Leku berean, bertso ekitaldia eskainiko dute afalostean. Bertso Eguna gerturatu ahala, xehetasun gehiago emango ditu Bertsozale Elkarteak, baina dagoeneko badago sarrerak erostea. Izan ere, urtea amaitu aurretik jarri zituzten salgai.