New York, hobe soilik bisitan joateko
Bizitzera joateko hiriren baten bila bazabiltzate, saihestu New York. Izan ere, 2022an hura izan zen munduko hiririk garestiena bizitzeko, The Economist astekariaren arabera. Aldizkariak urtero egiten du bizitzeko hiririk garestienen zerrenda, eta etxe orratzen hiria lehenengoz kokatu da lehen postuan. Ondoren, hiri hauek, ordena honetan: Singapur, Tel Aviv (2021ean, lehenengoa), Hong Kong, Los Angeles, Zurich, Geneva, San Frantzisko, Paris eta Sydney. Zerrenda osatzeko, munduko 172 hiritako 400 produktu eta zerbitzuren prezioak neurtu ditu aldizkariak. Egileek nabarmendu dutenez, azken 20 urteotako igoerarik handiena sumatu dute prezioetan. Horretan asko eragin dute, besteak beste, Ukrainako gerrak eta pandemian hornikuntza kateetan sortutako oztopoek. Dolarra indartu izanak ekarri omen du, halaber, AEBetako hiriek zerrendan gora egitea. Euskal Herriko hiriak neurtu balituzte, non agertuko lirateke zerrendan?