Almadiari eta ezkilak eskuz jotzeari, nazioarteko aintzatespena
Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak abenduan Rabaten (Maroko) egindako bileran, almadia eta kanpaiak eskuz jotzea ondare immaterialeko kultur ondasun izendatu zituen. Hau da, nazioarteko aintzatespena jaso dute bi jardunek. Horrek, halaber, belaunaldiz belaunaldi transmititutako jardun eta jakintza horien babesa sustatuko du. Bai almadiak bai ezkilak eskuz jotzea ezagunak dira Euskal Herrian. Kanpaien kasuan, gainera, bizirik jarraitzen du hainbat tokitan. Almadiei dagokienez, Burgin (Nafarroa) urtean behin egiten dute erakustaldia, Almadiaren Egunean, hain zuzen ere, iraganean zuhaitz enborrak elkarri lotuta ibaian behera nola garraiatzen zituzten erakusteko. Ezkilak eskuz jotzeari dagokionez, badira tradizioari eutsi dioten edota ohitura berreskuratu duten herriak: Altsasu, Oiartzun, Lakuntza, Iurreta, Aretxabaleta (Arientza auzoan), Iruñea (katedralean), Olatzagutia, Ziordia...