Europako etxe-txakur zaharrenetako bat Euskal Herrian bizi izan zen
Txakurra izan zen gizakiek etxekotu zuten lehen animalia. Noiz eta non egin ote zuten, ordea, ez dakite zientzialariek oraindik. EHUko Giza Biologia Ebolutiboko taldeak egindako azterketa bati esker, Europako etxe-txakur zaharrenetako bat Euskal Herrian bizi izan zela jakin dugu berriki. Zehazki, duela 17.000 urte, Paleolitikoan. 1985ean Zestoako Erralla haitzuloan Jesus Altunak zuzendutako indusketan topaturiko besahezur bat aztertuta jakin dute. Kanido batena zela bazekiten, baina ezin izan zuten espeziea zehaztu. Orain, Conchi de la Rua irakasleak zuzendutako EHUko taldeak sakonki eta teknika berriagoekin aztertu du hezurra. Hala jakin dute Canis lupus familiaris espeziekoa zela. Alegia, etxe-txakurra. Baita, esan bezala, duela 17.000 urtekoa zela ere. Hau da, Goi Paleolitoko Madeleine arokoa. Horrek Europako zaharrenetakoa egiten du. De la Ruak azaldu duenez, “emaitza hauek ikusita, badago otsoaren etxekotzea uste baino lehenago gertatu zela pentsatzeko aukera”.