Koadroa, behetik gora ikusgai
Piet Mondrian margolari abangoardistaren (Amersfoort, Herbehereak, 1872 – New York, AEB, 1944) New York City I izeneko koadroak 70 urte baino gehiago eman ditu alderantziz zintzilik. Hau da, beheko partea goian duela egon da ikusgai 1945. urtetik. Düsseldorfeko (Alemania) Kunstsammlung Museoko langileak ohartu dira akatsaz, egun han baitago margolana. 1941ean egindako koadroak marra hori, urdin eta gorriak ditu, horizontalean eta bertikalean. 1944ko argazki batean, ordea, koadroa alderantziz zegoela ikusi zuen Düsseldorfeko erakusketaren komisarioak, Susanne Meyer-Büser-ek. Antza, 40ko hamarkadan alderantziz erakutsi zuten New Yorkeko MOMA museoan, eta 1980an Düsseldorfera bidali zutenean bere horretan utzi zuten. Koadroak ez du sinadurarik, eta hori izan daiteke akatsaren arrazoia. Margolariaren izena besterik ez du idatzita markoaren atzean, baina hori ez zuen hark jarri, margolariaren herentziaren administratzaileak baizik. Nolanahi ere, margolana bere horretan utziko dute, bestela hondatu egin baitaiteke.