Euskaraldiaren ondoren, Euskararen Eguna
Zuotako asko ahobizi eta belarriprest dioten txapak paparretik kendu gabe izango zarete oraindik, eta, are hobea dena, agian Euskaraldian zuen hizkuntza ohituretan egindako aldaketari eusten ariko zarete. Bada, txaparekin edo txaparik gabe, gainean dugu abenduaren 3a: Euskararen Nazioarteko Eguna. Hitzekin ekinez Euskaraldian egindako ahaleginaren ostean, ospakizun eguna dugu, nahiz eta euskaldunok jakin badakigun, abenduaren 3an ere ondotxo gogoratzen dugunez, euskarak 365 egun dituela. Nolanahi ere, Euskararen Egunaren karietara, ziur zuen inguruan ekitaldi andana egingo dela, izan euskaltegian, auzoan, herrian edo hirian. Bada, hartu parte horietan eta gozatu ospakizunez, hori ere merezi dugu eta. Hori bai, euskaraz, jakina. Euskarak ez du-eta bestondorik uzten!