Errimari errime
Pandemiaren eraginez iaz txapelketa ugari, tartean Txapelketa Nagusia, atzeratuak izan ostean, sendo datoz berriro bertso lehiak. Horren adibide, jokoan diren Nafarroako, Bizkaiko eta Iparraldeko Xilaba txapelketak, eta Bertsozale Elkarteak jakinarazitako hauxe: Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 18. edizioa 2022ko udazkenean jokatuko da. Pandemiak eragindako egoera leundu egin dela ikusita hartu du erabakia Bertsozale Elkarteak. Hala, 2022ko irailaren 24an hasiko da Bertsolari Txapelketa Nagusia, Getxon, eta, lurraldez lurralde jokatu ostean, Iruñean amaituko da, abenduaren 18an. Hain zuzen, finalaren jokalekua izango du berritasun nagusia, finala Nafarroako hiriburuan egingo dutelako estreinakoz, Nafarroa Arenan, zehazki. Orain arte, Donostian (1935etik 2001era) eta Barakaldoko BECen (2005etik 2017ra) egin izan dira. Nafarroako Bertsozale Elkartea aspalditik ari da lurraldean bertsolaritza sustatzeko lanean, eta finala Iruñerrian eragiteko baliatuko du. Ea 2022an gauza kutsakor bakarra bertsoa den!