‘Bada’, Ipar Euskal Herriko gazteentzako hedabide elebiduna
Gazteek gazteak informatzeko egina, ele bitan, euskaraz eta frantsesez. Ezaugarri horiek ditu Ipar Euskal Herriko gazte talde batek sorturiko Bada komunikabideak. Gazteek informazio iturri gisa gehienbat Internet baliatzen dutela aintzat hartuta, Instagram eta Facebook sare sozialen bitartez zabalduko dute. Ipar Euskal Herriko gazteek Internet bidez jasotzen dituzten erreferentzia gehienak erdarazkoak direla jabetu ostean, gabezia horri aurre egiteko asmoz sortu dute Bada. Gaurkotasun gaiak jorratuko dituzte, astero erreportaje laburrak eginez eta asteko gertakari nagusiak laburbilduko dituen emankizun batekin. Hasieran, Instagram eta Facebook izango dituzte agertoki, baina etorkizunean plataforma gehiagotara zabaldu nahi dute, baita formatu gehiagotan eskaini ere. Horretarako, Ipar Euskal Herriko hedabideekin elkarlana bultzatzeko asmoa dute.