Betaurrekoak ala “aurpegi-aurrekoak”?
Begi-lagun, antiojo, begi-orde... Betaurrekoak izendatzeko sinonimoak sortzen hasi beharko da aurrerantzean, eta begi hitzetik eratorritakoak aurpegi hitzarekin ordeztu. Bai, behintzat, Japoniako ZGHYBD enpresak merkaturatu dituen eguzkitako betaurreko xelebreei buruz ari bagara. Izan ere, bekainetatik kokotsera, ia aurpegi osoa estaltzen duten eguzkitako betaurrekoak sortu ditu. Belarrietan jartzeko besoak, sudurrean ongi eusteko kuxin txikia, enpresak dioenez pantaila polarizatua eta ez lausotzeko tratatua... Eguzkitako betaurreko arrunten antzeko ezaugarriak, baina 16,5 zentimetro luze eta 14,2 zentimetro zabal den pantailarekin. Alegia, inork ezingo du asmatu betaurrekoen atzean nor dagoen, koloretako ispilu pantaila baitute. Salgai ipini duten modeloa unisex da. Pandemiaren testuingurua baliatzeko enpresaren jokaldia dirudi, betaurreko xelebreoi etekina ateratzeko. Akaso, Daft Punk taldearen zaleek gustura jantziko dituzte...