Landaretza zabaltzen ari da Antartikan
Lurraren berotzeak eraginda, landareek hartutako eremuak ugaritzen ari dira Antartikan azken urteotan. Hango landaretzaren garapena aztertu dute Hertfordshireko Unibertsitateko (Erresuma Batua) ikertzaile batzuek, 1986tik 2021era bitartean satelite bidez hartutako irudiak erabiliz. Horietan ikusi dutenez, 35 urtean % 14 hazi da landareek estalitako esparrua. Zehazki, kilometro koadro bat baino gutxiago izatetik ia 12 kilometro koadro izatera igaro da. Gainera, azken zazpi urteetan, 2016 eta 2021 artean, azkarrago zabaldu da, % 33 handitu baita. Ikertzaileen esanetan, berotze globalaren ondorioa da, eta horrek dakartzan arriskuez ohartarazi dute. Izan ere, orain arte izotza nagusi izan den eremuetan landareak zabaltzen badira, Antartikako ekosistemak erabat alda daitezke. Hau da, berez ere nahiko ahula den Antartikako oreka ekologikoa are gehiago alda daiteke. Goroldioak dira, batez ere, Antartikako esparruak kolonizatzen ari diren landare espezieak.