Bizkaiko zaharrenak, eta Euskal Herriko zaharrenak izan daitezkeenak. Duela 150.000 urte inguruko neandertal baten 18 aztarna topatu dituzte Karrantzako El Polvorín koban. Gizaki bakarrarenak direla uste dute adituek; zehazki, emakume batenak. Horregatik jarri diote Andere izena. EHUko Geologia saileko ikertzaileek aztertu dituzte fosilak, Asier Gomez Olivenciak gidatuta. Haien ustez, zaharragoak ere izan litezke aztarnak. Hezurren morfologiagatik, 200.000 edo 300.000 urte izan ditzakete. Haatik, data zehatzagoak ezartzeko zailtasunak dituztenez, kalkulu kontserbadoreak egin dituzte, oraingoz. Lehen aztarnak 1983an jaso zituzten El Polvorínen, eta beste batzuk 2000. urtean. Ordutik, Bizkaiko Arkeologia Museoan egon dira, zenbait animaliaren aztarnekin nahasita. 2020an, animalia fosil horiek aztertzean ohartu ziren gizakienak ere bazeudela. Hala, EHUko ikertzaileak kobara itzuli ziren 2021ean, eta aztarna eta dataziorako arrasto gehiago topatu zituzten. Andereren hezurrak Bizkaiko Arkeologia Museoan ikusi ahal izango dira laster, neandertalei eskainitako erakusketa batean.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.