‘Pizkundea’ ekitaldiaren ostean, egunerokoan ekiteko deia egin du Kontseiluak

Euskararen pizkundea1 sustatzeko helburuz, iragan abenduaren 27an 6.500 euskaltzale bildu ziren Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako Pizkundea ekitaldian, Bilbao Arenan. Kontseiluak balorazio positiboa egin du, “larrialdi linguistikoari erantzuteko kezka eta giharra2” agerian geratu baitziren. Era berean, euskaltzaleei egunerokoan antolatzeko eta ekiteko3 deia egin die. Horretarako, Euskaltzaleon gida izeneko proposamena aurkeztu du, sei jarraibide nagusirekin: euskaraz bizitzeko hautua egin; euskara ikasteko urratsa egin; hizkuntza-eskubideen urraketak4 ez normalizatu; euskararen etorkizunari buruzko kezkak partekatu5; euskararen auziari6 lehentasuna eman; eta euskaltzale gisa antolatu. Dokumentua www.pizkundea.eus webgunean dago eskuragarri. Gida aurkezteaz gain, Kontseiluak mobilizazioa deitu du, ekainaren 13rako, Iruñean.
1. Pizkunde: renacimiento (es), renaissance (fr).
2. Gihar: músculo (es), muscle (fr).
3. Ekin: acometer (es), entreprendre (fr).
4. Urraketa: violación (es), violation (fr).
5. Partekatu: konpartitu, elkarbanatu.
6. Auzi: arazo, gatazka.
